XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Batzokiak.

Badugu EAJn gure-gurea dugun ekintza eremua, batzokia, beste egiteko askoren artean euskararen erabilerarako alderdikideen topagune eredugarria eta euskalduntze-alfabetatze ikastaroetarako izan beharko lukeena.

Hori dela eta, EAJk eskola-lanaren osagarri izan dadin 36 ume-euskaltegi sortu eta indarrean jarri ditu.

Aurreko ikastaroan ibilitako haurrak 8.000 inguru izan dira.

Eta ez da, ez, horretan bukatzen.

Etorri hainbat euskaltegi berri etorriko da lasterrean.

Horrezaz gainera, aipatzekoak dira EAJk sortu eta beharrezkoak diren homologazio eta baldintzak beteaz sorturiko 2 euskaltegiak (Barakaldo eta Getxo) eta urtero-urtero Arteako etxean antolatzen diren ikastaro trinkoak.

Horren harian batzokietan euskara erabili (hitzaldiak, ikusentzunezkoak, bidaiak) eta garatzen ihardungo duten alderdikide taldeen sorrera suspertuko da.

- Burukideak.

Burukideak aukeratzeko unean, euskararen ezagutzaren baldintzari lehentasun osoa eman behar zaiolakoan gaude.

Euzkadi Buru Batzarreko Lehendakaria euskalduna izan beharraz gainera, Euzkadi Buru Batzarraren bozeramailea ere euskalduna izango da.

Beste horrenbeste, Bizkaia eta Gipuzkoa Buru Batzarren lehendakariak, Alderdiko prentsa-arduraduna, euskara bizirik dagoen herrietako alkateak, euskara bizirik dagoen herrietako Uri Buru Batzarretako lehendakariak, euskara bizirik dagoen herrietako Uri Epaikaritzako lehendakariak, euskal herrietako Erki Batzarretako Ordezkariak.

Ez da munduan herririk bere ordezkariek bertako hizkuntzaren jabe eta ongi alfabetatuak ez dituenik.

Guzti horregatik, ezinbestekoa da kargudun eta burukide diren alderdikideak lehen bait lehen euskaldundu eta alfabetatzea.

- Agerpenak.

EAJk Alderdi bezala egiten dituen agerpenetan euskarari lehentasun osoa eskaini nahi dio eta bigarren batez moldatu bere burukideen hizkuntza jokaera lekuan lekuko hizkuntz egoerari.